Noticias Innovación Social //

European Social Innovation Competition 2018

Iturria: European Commission, European Social Innovation Competition, 2018.

 

Gizarte berrikuntza ez da fenomeno berria, baina asko hazi da azken hamarkadan termino gisa eta gizartea aldatzeko bultzatzaile garrantzitsu gisa. Ez dago “gizarte berrikuntzaren” definizio unibertsalik, baina asko erabiltzen den horietako bat, dotore bezain sinplea, honako hau da: “helburu eta bitartekoetan sozialak diren ideiak” (Nesta, 2010).

Testuinguru horretan, Europako Gizarte Berrikuntzako Lehiaketak berrikuntza ideiak bilatzen ditu, helburuetan nahiz bitartekoetan sozialak direnak. Urtero, Europako Gizarte Berrikuntzako Lehiaketak kontzientzia sortzen du Europako gizarteak aurre egin behar dion erronka desberdin bati buruz, eta helburu du Europako txoko guztietako berritzaileak izan daitezkeen ideiak ezagutzea.

2018an, lehiaketaren gaia honako hau izan da: RE: THINK LOCAL. Berrikuntzak testuinguru jakin batean gertatzen dira eta tokian tokiko baldintza, erronka eta aukera espezifiko batzuei erantzuten diete, sarritan “lekuan oinarrituak” deiturikoak.

Hil honetan, Europako Batzordeak Europako 2018ko Gizarte Berrikuntzako Lehiaketako finalistak iragarri ditu. Finalistak 10 herrialdetakoak dira: Austria, Alemania, Grezia, Hungaria, Italia, Errumania, Eslovenia, Espainia, Suedia eta Ukraina; eta hainbat arlo landu dituzte.

Finalistak nazioarteko adituen epaimahai batek aukeratu zituen, sektore eta jarduera sorta zabala lantzen zuten 30 semifinalisten artetik. Horiek, aldi berean, 39 herrialdetako 729 proposamen hautagaien artetik aukeratu ziren. Semifinalista guztiek prestakuntza eta entrenamendu programa trinko batean parte hartu zuten, besteak beste Cluj-Napoca akademian, beren ekimenak garatzeko.

Hiru irabazleak 2018ko azaroaren 8an Bruselan egingo den sari banaketako ekitaldian iragarriko dira, eta 50.000 euroko saria jasoko du horietako bakoitzak beren proiektuak garatzen jarraitzeko.

 

 

Gainera, aurten, lehiaketak Gizarte Berrikuntzako Europako lehen Erreminta Kutxa sortu du, Europa osoko gizarte berritzaileak babesteko helburuarekin, beren ideiak errealitate bihur ditzaten Berrikuntzaren Espiralaren faseak baliatuz.

Erremintek gizarte enpresa bat eraikitzeko funtsezko osagaiak lantzen dituzte, espiralaren arabera egituratuta. Gainera, hainbat gai lantzen dituzte: arazoa zehaztea, prototipoak eratzea, diru sarrerak sortzea, alde interesdunen konpromisoa eta komunikazioa, iraunkortasuna eta eraginaren neurketa.

Erreminta Kutxa aldizka eguneratuko da gida gisa erabiltzen duten berritzaileen beharrizanei eta iruzkinei erantzuteko. Dokumentu osoa eskuragarri dago. Kontsulta ezazu Erreminta Kutxa hemen.

Gainera, Europako 2018ko Gizarte Berrikuntzako Lehiaketako 10 proiektu finalistei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu.