Noticias ICC, TRANSCREATIVA //

Transcreativak gazteentzako enplegua sortuko du kultura eta sormen industrietan

Transcreativak gazteentzako enplegua sortuko du.

Sinnergiak Social Innovationek Transcreativa eskualdearteko proiektua gidatuko du, kultur eta sormen industrien sektorean gazteentzako enplegua sortzen laguntzeko asmoarekin. Era berean, asmoa da sektore hau posizionatzea garapen ekonomikoa, transferentzia teknologikoa eta kohesio soziala uztartzeko gai den Europako praktika on gisa.

Transcreativa proiektua pasa den azaroaren 30ean aurkeztu zen jendearen aurrean, Donostian, eta duela gutxi onartu egin dute SUDOE deialdian, Europar Batasuneko Interreg programaren baitan. Proiektuan, gainera, Frantziako eta Portugaleko bazkideak daude sartuta, baita euskal partzuergo bat ere, non Sinnergiarekin batera Tecnalia eta Donostia 2016 Kultura Hiriburutza arituko diren.

Transcreativa proiektuaren jendaurreko aurkezpena Ibaetako campus donostiarrean izan zen, Santamaria eraikineko auditoriumean. Ekitaldia interesa zuten guztientzat irekia zen, eta bertan proiektua ez ezik Interreg programa ere aurkeztu zen, baita kultur eta sormen industrien eremuko berrikuntza sozialeko hainbat kasu ere. Proiektuan sakondu nahi zutenentzat, 11.30ean Mintegi interaktibo bat egin zen. Europako agintariek aukeratuta, Sinnergiak Social Innovationek gidatzen duen Transcreativa proiektua Interreg programa barruko SUDOE deialdiko proiektuetako bat da. Transcreativa kultur eta sormen industrien sektorean gazteentzako enplegua sortzeko proiektu europar bat da. Aukeratu berri den proiektuak Akitaniako eskualdeko (Frantzia) eta Coimbrako (Portugal) bazkideak biltzen ditu, baita euskal ordezkari gisa Sinnergiakekin batera arituko diren Tecnalia eta Donostia 2016 Kultura Hiriburutza ere. Akitaniako ordezkari gisa BEM-Bordeaux Management Schoool, ESTIA ( Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées) eta ANTIC-Agence Pays Basque NTIC erakundeak izango dira. Portugaletik, berriz, Coimbrako IPN -Pedro Nunes Institutuak, Coimbrako Udal Ganberak eta Coimbrako Unibertsitateak osatuko dute partzuergo ordezkaria. TRANSCREATIVA proiektuaren helburu orokorra SUDOE guneko Kultura eta Sormen industriak (KSI) posizionatzea da, garapen ekonomikoa (teknologiaren transferentzia) eta kohesio soziala (langabezian dauden gazteak) uztartzeko gai den praktika europar egoki gisa. Kultura eta Sormen Industriak sormenezko eduki ukiezinak, ondasun edo zerbitzu itxura har dezaketenak, sortu, ekoitzi eta merkaturatzea konbinatzen duten industriak dira. Sormena dute abiapuntu (sormen indibiduala eta taldekakoa) eta, talentua, teknologia eta klusterizazioa konbinatuta, aberastasuna eta enplegua sortzeko gai dira. Hau da Kultura eta Sormen Industrien baitan dagoena: diseinua, publizitatea, arkitektura, artisautza, moda, ikus-entzunezkoak (zinema, bideoa, telebista, etab.), bideo jokoak, musika, arte eszenikoak, kultur ondarea eta argitalpenak. Estatistikek eta berrikuntza politikek bazterrean utzitako sektorea izan da eta gaur egun hala dago; hala ere, eskualde garapenerako ahalmen handia dauka.

Transcreativaren emaitza nagusien artean, proiektuak iraungo dituen 26 hilabeteetan honako ondorio hauek izatea espero da:
– Eskualdeko 3 gune sortzaile eta “hub” birtual bat sortzea, gazteak, enpresak, erakundeak, unibertsitateak eta eragile teknologikoak elkartuko dituen berrikuntzarako eskualdearteko kluster gisa.
– Teknologiaren transferentzia gertatzea, KSIen sektorea lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.
– Gazteak azaleratzen ari diren gaitasunetan trebatzea.
– Oinarri teknologikoa duten enpresa berriak eta sormenezko kooperatibak sortzea.
– Proiektua hedatzea, eskualdeak garatu eta era berean kohesio soziala lortzen duen praktika europar egoki gisa.
– KSIak sustatzeko politika publikoen gomendioak, berrikuntzak egiteko eta enplegua sortzeko sektore gisa