Gizarte Berrikuntzari Buruzko Europako Lehiaketak helburu eta bitartekoetan gizarteari lotutako berrikuntza ideiak bilatzen ditu. Urtero, Gizarte Berrikuntzari Buruzko Europako Lehiaketak Europako gizartearen erronka desberdin baten gaineko kontzientzia sortzen du, eta haren helburua da berritzaile izan daitezkeen ideiak aurkitzea Europako bazter guztietan.
2018an, lehiaketaren gaia RE: THINK LOCAL izan da. Berrikuntzak testuinguru jakin batean gertatzen dira, eta leku espezifiko baten baldintzei, erronkei eta aukerei erantzuten diete, zeinei askotan “lekuan oinarritutako aukerak” deitzen baitzaie.
Zentzu horretan, aurtengo edizioan, ekonomia aldakorretik sortzen diren toki erronkak belaunaldi gazteentzat aukera bihurtzen dituzten proiektuek jaso dute aitorpena.
Proiektu irabazleak hauek izan dira:
- Ulisse (Italia): bidaia digitaleko plataforma bat gorrentzat.
- HeritageLab (Eslovenia): inkubazio programa bat, negozio bat jarri nahi duten gazteentzat.
- Bus profesional (Errumania): orientazio profesionaleko enpresa bat, hiri eta landa ingurune txikietako gazteentzat.
Irabazle bakoitzak 50.000 €-ko sari bat jasoko du, ideiak garatzen eta inplementatzen jarraitzeko. Horrez gain, Parisen bizi den William Amor artistak material birziklatuz diseinatu eta egindako trofeo bana eskuratuko dute.
EUSIC-i buruzko informazio gehiago
Gizarte Berrikuntzari Buruzko Europako Lehiaketa Europako Batzordearen ekimen bat da, eta urtero 50.000 €-ko hiru sari banatzen ditu, EBko estatukideen eta Horizon 2020 programari atxikitako herrialdeen gizarte arazoei aurre egiteko ideia berritzaileenen artean.
Lehiaketa urtero egiten da, gaia urtetik urtera aldatuta. Diogo Vasconcelos berritzaile portugaldarraren oroimenez egiten da. EBko estatukide guztietako pertsonek, erakundeek eta enpresek parte har dezakete. Gizarte berrikuntza sustatzen du, eta aukera paregabea eskaintzen du pertsonek prototipoak sortu, eta ideiak eta egitasmoak garatu eta bultzatu ditzaten.
Lehiaketa Europako Batzordeak antolatzen du, honako hauen laguntzaz: Nesta, Kennisland, Living Labs europar sarea, Ashoka, eta Scholz & Friends.
Aurreko edizioei eta proiektu irabazleei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, bisitatu: http://eusic.challenges.org