“EBk diru gehiago erabiliko du gizarte berrikuntza sustatzeko, baina ez modan dagoelako, gizarte berrikuntza etorkizuna dela uste dugulako baizik”. Carlos Moedas, Ikerketa, Zientzia eta Berrikuntzarako komisarioa, Europako Batzordea.

 

Sevilla izan zen aukeratua SIC proiektuari amaiera emateko ekitaldia egiteko. Bi egunez, Andaluziako hiriburuan bildu ziren Europa osoko adituak, pentsalariak eta gizarte berrikuntzan diharduten pertsonak, Europa sozialki berritzaileagoa izateko ideiak proposatzeko eta haien inguruan eztabaidatzeko asmoz.

 

 

Moedas jaunak gizarte berrikuntzaren adierazpenari emandako babesa gogoan hartuta inauguratu zen Sevillan SIC proiektuari amaiera emateko ekitaldia, azaroaren 12an eta 13an. Ekitaldia aukera egokia izan zen adierazpen hori ekintza bihurtzeko erari buruz eztabaidatzen hasteko. Beraz, Gizarte Berrikuntzako Adierazpena izan zuen ardatz ‘Irudimenetik haratago: Europa sozialki berritzailea’ izeneko ekitaldiak, Europa justuago eta inklusiboago bateranzko bidea irudikatuz, 3 printzipio, 5 lehentasun eta 10 gomendio politiko praktikotan oinarrituta. #SIDeclaration hemen sina dezakezu.

SIC proiektuko azken ekitaldiak, joan den hilabetean Sevillan egin zenak, iraganean, orainean eta etorkizunean jarri zuen arreta, eta funtsezko gai hauek jarri zituen agendan:

  • Zer behar da nahi dugun etorkizuna diseinatzeko?
  • Nola erabil ditzakegu esperimentazio eta ikaskuntza parte hartzaileko ikuspuntu gehiago?
  • Zein da ikerketaren eta teknologiaren egitekoa gizarte berrikuntzan?
  • Zein modutan eragin dezake #SIDeclaration adierazpenak etorkizuneko politikan?
  • Nola lan egin behar dugu etorkizuneko erronkei ekiteko?

Ekitaldia aukera on bat izan zen SIC proiektuak hiru urteotan zer lortu duen jakiteko, bai eta Europa osoan gizarte berrikuntzaren arloan dauden jardunbide onenak ezagutzeko eta haiekin erlazionatzeko ere. Aurkezpenak, tailerrak eta mahai inguruak egiteaz gain, gizarte berrikuntza praktikan jartzen ari diren tokiko erakundeak ezagutzeko aukera ere egon zen Sevillan.

Ezin izan bazenuen ekitaldira joan, link honetan dauzkazu hizlarien aurkezpenak.

 

SIC

Gizarte Berrikuntzarako Komunitatea (SIC) Horizon 2020k finantzatutako proiektua da, eta gizarte berrikuntzaren arloan jarduteko eta hazteko jakintzan eta gaitasunean sakontzen laguntzea du helburu, erabaki hartzaile publikoei nahiz bestelakoei babesa emateko, gizarte berrikuntzan dihardutenekin modu eraginkorragoan lan egin dezaten erronka publikoei ekiteko.

SICek premisa honetan du abiapuntua: berrikuntzako ikuspegi irekiagoak behar ditugu gizartearen erronkei modu eraginkorrean ekiteko.

Hiru urtez (2016-2019), SICek hainbat jarduera egin ditu linean naiz lineaz kanpo; esperimentazio praktikoa lekuan oinarrituta, ikaskuntza, politikak eta ikerketa barne. Hauek dira erakunde bazkideak: AEIDL, TU Dortmund University, University of Bologna, The Young Foundation, Nesta, Social Innovation Lab, The Dutch Research Institute for Transitions, Sinnergiak UPV / EHU, ZSI, The Danish Technological Institute, REVES eta Social Innovation Exchange.

Gizarte Berrikuntzarako Komunitatearen proiektuari buruzko informazioa lortzeko, sartu www.siceurope.eu webgunean. Twitter eta Facebook ere erabil ditzakezu SICen jarraipena egiteko.