Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia
Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Oreka
Foru Aldundiak eta Sinnergiak Social Innovation (UPV-EHU) erakundeak antolatutako egitaraua irekiko du bihar Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Ainhoa Aizpuruk
Gipuzkoako enpresen laneko testuinguru eta moldeak, eta horien kudeaketa eta antolamenduari buruzko berrikuntza bideak, aztergai izango ditu bihartik aurrera solasaldi ziklo batek Donostian. Tokiko nahiz nazioarteko hainbat aditu elkartuko dira Elbira Zipitria zentroan hilabete honetan zehar. Lehen solasaldian Eurofound, European Foundation for the improvement of Living and Working Conditions erakundeko programen arduradunak, Stavroula Demetriadesek, eta TEKES Finish Funding Agencyko kontseilari Tuomo Alasoinik hartuko dute parte.
Zikloaren lehen saioa, berriz, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekoako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, zabalduko du. Estraineko jardunaldi honetan aztertuko dira langileen parte-hartzeak eta elkarrizketak duen garrantzia enpresen eraldatzean, gisa horretan gure ekonomiaren lehiakortasuna sendotzeko eta kalitatezko lanpostu gehiago sortzeko bide gisa.
Gipuzkoa Workplace Innovation egitasmoaren testuinguruan, Foru Aldundiak eta Sinnergiak Social Innovation erakundeak elkarlanean antolatutako bost solasalditan lehena izango da biharkoa. Gogoeta eta esperientzien trukerako foro gisa, bost gai hartuko ditu hizpide zikloak: parte-hartzea, legedia eta egungo lege-testuingurua, lurralde garapena, negozioen ekosistema eta ikasketa prozesuak.
“Enpresen antolamendu eta kudeaketa sistemetan sakontzeak onuragarria da, ez soilik gizartearen ikuspegitik dituen onurengatik. Hobekuntzak dakartza baita ere ekonomia ehunaren produktibitatean eta lehiakortasunean, eta lan bizitzaren kalitatean. Horregatik jarraitu behar dugu gipuzkoar enpresaren ereduan sakontzen, langileen parte-hartzea bilakatuz garapen eta lehiakortasunerako iturburu”, adierazi du diputatuak.
Informazio gehiago HEMEN