Noticias Innovación Pública, Noticias Innovación Social, Social Innovation Communities, Social Innovation Communities, Social Innovation Communities //

SINNERGIAK SOCIAL INNOVATION (UPV/EHU) TALDEAK TRENTOKO LEED/OCDE ZENTROKO PAOLO ROSSORI ELKARRIZKETA

“Administrazio Publikoak gizarte berrikuntzaren sustatzailea izan beharko luke, baina, askotan, ahuldu egiten du, ez baitauka gizarte berrikuntzari etekina atera eta etapa aurreratuago batera eramateko haina jakintza eta gaitasun”.

Social Innovation Communities (SIC) proiektu europarraren baitan, Sinnergiak Social Innovationek “Gazteria, enplegua eta lan ezegonkorra” ikerkuntza eraldatzailearen saioa antolatu zuen pasa den abenduaren 13an. Saio honen helburua informazio eta jakintza trukerako espazio bat sortzea izan zen akademia eta ikerkuntza arloa, sektore publikoa eta gazteriaren – xede-publiko moduan – artean, hurrengo erronkari erantzuteko; nolako harremana dute ikerkuntzak eta praktikak, gazteriaren enpleguaren etorkizuna eta lan ezegonkorrarekin lotutako arazoen inguruko inpaktu soziala eta zientifikoa hobetzeko/areagotzeko.

 

Sinnergiak-ek Paolo Rosso, Trentoko OCDE LEED Zentroko politika-analistarekin hitz egin zuen ikerkuntzaren eta politika publikoen garapenaren arteko erlazioan dauden erronken inguruan.

Paolo Rossori elkarrizketa

Sinnergiak (S): ¿Hitz egingo al zeniguke gizarte berrikuntzaren alorrean Trentoko OCDEren LEED Zentroan lantzen ari zareten gaiei buruz?

Paolo Rosso (P.R.): Trentoko Zentroa Parisen egoitza duen zentro bateko zati integrala da. Gure zuzendaritzan gizarte berrikuntzaren inguruko gaiak lantzen ari gara. Hortaz, guk, Trentoko Zentro moduan, gizarte berrikuntzaren alorrean Parisen duten jarduera osatzen dugu, besteak beste, gaitasunen garapenean eta toki mailako politiken ezarpenean eta hauen eraginetan. Etengabeko sinergia dago Parisen gizarte berrikuntzan lan egiten duen taldearen eta gure artean. Parisen esparru orokorrak sortzen dituzte, maila orokorreko politikak. Guk bitartean, zentro mailan, gaitasunen garapenean egiten dugu lan, non gizarte berrikuntzako proiektuak ekiten diren. Gu gizarte berrikuntzaren inguruko praktiken eta esperientzien elkartrukean aritzen gara, baita gizarte berrikuntzaren inpaktuen ebaluazioan ere; non administrazio sektorialak uztartzen dituen jarduera ekintzak dauden. Eskualde eta toki mailetan egiten dugu lan guk.

 

S: Zein dira, zure ustez, toki mailan gizarte berrikuntzak garatzeko dauden oztopoak?

P.R.: Tira, gai konplexua da. Hau da, gizarte zibilaz ari bagara, kasu gehienetan toki mailak dira gizarte berrikuntzako esperientzia gehien egiten direnak. Askotan, gizarte berrikuntzatzat jo gabe, baina badira gizarte berrikuntza. Toki mailako oztopoak dituen beste gai garrantzitsu bat gizarte berrikuntzako gaietan administrazio publikoak toki mailan duen jokaera da. Gizarte berrikuntzako elementu sustatzailea izan beharko luke, baina, toki mailako administrazioaren berezko ahuleziak direla eta, gizarte berrikuntzaren elementu makaltzailea da, ez baitauka gizarte berrikuntzari etekina atera eta etapa aurreratuago batera eramateko haina jakintza eta gaitasun”.

 

S: Eta zein lirateke gizarte berrikuntza sustatzeko politikatik eragin daitezkeen elementuak edo, alderantziz, gizarte berrikuntzatik politikak sustatzeko eragin daitezkeenak?

P.R.: Kontua da, toki mailan ikusi ditugun esperientzietan batez ere, administrazio publikoaren kulturak aldaketarako erresistentzia handia duela. Gizarte berrikuntza ia berezkotzat mesederik egiten ez dion aldaketa faktore bezala ulertzen da, aurka egiten dio, gizarte berrikuntzaren oztopoa da. Gai honek zerikusi handia du, berezko antolaketarekin, toki mailan administrazio publikoa ulertzeko moduarekin eta jendearen gaitasunekin; hau da, tokiko administrazioetako funtzionarioek ez dute beren burua gizarte berrikuntzaren sustatzaile gisa ikusten, alderantziz, euren funtzioak ahultzen dituen eskualdeko aldaketa faktore gisa ikusten dute.

 

S: Ikerkuntza eraldatzailearen eta politika publikoen diseinuaren arteko erlazioaren gaia landu den saio batean izan berri gara. Zure ustez eta OCDEren ikuspegitik, zein dira erlazio honen ahuleziak?

P.R.: Tira, erlazio honen ahuleziak ikerkuntzak behar duen ikuspegi integralaren araberakoak dira. Arazoei modu integral batean egin behar zaie aurre. Administrazioa publikoak, tradizioz, ikuspegi sektorial banatua du. Unitate edo sail ezberdinek modu independentean egiten dute lan eta koordinazioa oso ahula da. Zentzu honetan, ikerkuntzak, eraginkorra izateko, paradigma aldatzeko gaitasun, irekiera eta erabilgarritasun baten beharra du; hor dago gatazka.

 

S: Eta zertan oinarritzen da paradigma berri hori?

P.R.: Lan egiteko moduaren logika aldatzean datza, non arreta arazoen konponbidean jartzen den. Administrazio publikoaren funtzioen arteko ikuspegi integralago bat eskatzen duten arazo sistemikoak dira. Administrazioaren erresistentzia bere prozedura propioak betetzean gertatzen da, baita proiektu integratuagoak egitera bideratutako ikuspegia barneratzeko erresistentzian ere.

 

S: Zein dira ikerkuntzaren eta politikaren erlazio hori arrakastatsua izateko beharrezko elementuak?

P.R.: Berehalako ikuspuntu praktiko batetik, nik uste dut saiakera, pilotu eta eskala txikiko lanetara zuzendutako leiho bat ireki beharko litzatekela. Honen bidez, kasu txikietan, administrazio publikoa ulertzeko modua aldatzea posible dela erakutsi daiteke. Gero, jakina, gehiago sistematizatu behar da. Hala, arian-arian, administrazio publikoetako eragileen erresistentzia handirik gabe eskala txiki horretan sartu diren pilotu horiek osatuko dute politika publikoa.

 

S: Azkenik, zein dira OCDEtik erlazio hau posible egiteko ematen dituzuen hurrengo pausu eta gomendioak?

P.R.: Trentoko LEED Zentro bezala, toki mailan ezartzen diren politikak babesten ditugun heinean, konparazioak egiteko azterketa-kasuen bilaketan egiten dugu lan guk. Modu horretan, aldaketarako dinamika honetan bultzatu dezakegun elementuetako bat da herrialde ezberdinetako esperientzien alderaketa eta faktore horien identifikazioa: zertan asmatu zuten? Zertan egin zuten kale? Non daude gakoak? Aurrera egin ahal izateko, gauzatu daitekeen aldaketa bat bultzatzeko. Badaude hau egiten ari diren kasuak. Lurralde, eskualde eta toki mailako administrazio batzuek badituzte hau sustatzea ahalbideratu duten baldintza aproposak. Hortaz, gure aldetik, Trentoko Zentro moduan, lan enpirikoa da. Praktikan eta elkartrukean oso oinarritua. Askotan laguntzen duen beste elementu bat gaitasunak sortzea da. Banakoen gaitasunak, tailerrak jasotzea, mintegiak, hobetzeko moduak, funtzionario publikoen eta erabakitzaile publikoen gaitasunak indartzeko. Baita instituzio mailako gaitasunak ere, toki mailan administrazio publikoa antolatzeko modu berriak pentsatu eta indartzeko. Gehiago kostatzen da, baina batzuetan egitea lortzen dugu. Horiek dira etapak, pausuak; pertsonekin lan egin, gero aldaketek instituzioetan eragiteko.

 

SIC edo elkarrizketa honi buruzko informazio gehiago, galdetu hemen: iguerra@sinnergiak.org edo aluna@sinnergiak.org

Trentoko OCDEko LEED Zentroari buruz

OCDEren garapen ekonomikoa eta tokiko enpleguaren programa (LEED) gobernu eta komunitateen aholkularitzan jardun da 1982az geroztik, aldaketa ekonomikoari eman beharreko erantzunaren inguruan eta etengabeko aldaketen munduan arazo konplexuei aurre egiteko moduen inguruan. Bere misioa kalitatezko lanpostu hobe eta gehiago sortzea da, politiken ezarpen eraginkorrago baten, praktika berritzaileen, gaitasun sendoagoen eta toki mailan barneratutako estrategien bitartez. LEEDek bost kontinenteetako esperientzien azterketa konparatibo bat egiten du hazkunde ekonomikoa, enplegua eta inklusioa sustatzeko.

TRENTO LEED/OCDE ZENTROA