Noticias Innovación Pública //

Gipuzkoa Foru Aldundiak Europar Proiektuen Bulego berria martxan jarri du

Iturria: Orain Gipuzkoa

‘Gipuzkoa Europan Indartuz’ izeneko estrategia aurkeztu du gaur Foru Aldundiak. Horren bitartez, lurraldeko udalen, udal elkarteen eta garapen agentzien partaidetza indartuko du Europan, eta baita foru erakundea berarena ere. Helburu horrekin, Markel Olano diputatu nagusiak jakinarazi duenez, Europar Proiektuen Bulegoa edo europar leihatila deritzona zabaldu du, toki entitateei aholkularitza eskaintzeko “egun dauden aukera handien inguruan”, bai proiektuak finantzatzeko, eta baita sare kolaboratiboetan parte hartzeko ere, interes handiko proiektuetan bereziki.

Bulegoak informazioa eta aholkularitza eskainiko dizkie udalei eta eskualdeei, proiektuetarako kofinantzazioa bilatzeko sortzen diren aukeren, irtenbideen eta erronken inguruan (programak, fondoak…), edota Europako beste udalerri eta eskualdeekin elkarlan itunak finkatzeko, dauden aukera guztiei etekinik handiena atera ahal izateko.

Leihatila berriak informazio pertsonalizatua eta formazioa emango ditu programa, deialdi eta aplikazio arauen inguruan. Aholkularitza teknikoa eskuratu ahal izango dute udalek, martxan jarri nahi dituzten ekimenen inguruan, baita aukera berriak detektatzerakoan ere. Halaber, udalek abiarazitako proiektuen jarraipena egingo du, zalantzak argituz eta gomendioak eskainiz. Aldundiak Europan gehiago parte hartzea ere bultzatuko du, erakunde barruan aholkularitza eskainiko baitie zuzendaritza guztietako arduradunei.

Olanok nabarmendu duenez, Europar sareetan parte-hartze erregularragoa eta aktiboagoa edukitzea “oso aberasgarria” izango da Gipuzkoarentzat. “Badugu zer erakutsi, eta badugu ere zer ikasi. Behin baino gehiagotan esan dugu guretzat Europako herrialde aurreatuenak direla gure eredu. Ezinbestekoa da jakitea zertan ari diren, gure Lurraldean modernizazioa, garapena eta kohesio soziala bultzatzen jarraitzeko, bereziki estrategikoak diren eta gure etorkizuneko erronkei erantzuten dieten arloetan, hala nola gobernantza, gizarte politika, ‘smart city’-a edo sustapen ekonomikoa”.

Bulegoaren telefonoa 943112322 da, eta helbide elektronikoa europa@gipuzkoa.eus.