2 – Noticias, Noticias, Noticias Innovación Pública //

Sektore publikoari zuzendutako AAri buruzko eskuliburua

OCDEren Sektore Publikoko Berrikuntzarako Behatokiak (OPSI) eskuliburu hau argitaratu du: Hello, World: Artificial Intelligence and its Use in the Public Sector. Eskuliburuaren helburua funtzionario publikoei laguntzea da; hain zuzen ere, Adimen Artifiziala (AA) arakatzeko lehen urratsak egiten laguntzea.

10 hilabetez egindako ikerketa eta azterketen emaitza da eskuliburua, betiere AAk gobernuan duen erabilera eta inplikazioak, bereziki, izanik aztergai. Dokumentua egiteko, dozenaka adituren eta eragile garrantzitsuren ekarpenak bildu dira, eta zazpi asteko kontsulta publiko bat ere egin zen; kontsulta horretan, 75 pertsona edo erakundek egindako 1,500 iruzkin baino gehiago jaso ziren, tartean izanik gobernuak, akademikoak, AAko adituak, enpresak eta gizarte zibileko elkarteak.

Eskuliburua lau kapitulutan banatuta dago, hiru helburu nagusi betetzea izanik xede:

  • Aurrekariak eta azalpen teknikoa.
  • Sektore publikoaren panorama: AAko estrategiak.
  • Inplikazioak eta orientabidea gobernuetarako

 

 

Aurrekariak eta azalpen teknikoa

Eskuliburuko alderdi hauek lagungarri izan daitezke gobernuetako buruentzat eta zerbitzari publikoentzat, modu askotara. Esate baterako, hainbat oinarri tekniko ulertuz gero, funtzionarioentzat errazagoa izan daiteke arazo zehatzei aurre egiteko garaian zer tresna aplika dezaketen erabakitzea, eta botere handiagoa izango dute AA edo aukera tradizionalagoak saldu nahi dizkieten hornitzaileekin negoziatzeko.

 

Sektore publikoaren panorama: AAko estrategiak

Sekzio honetan, herrialde bakoitzean dituzten AAko egungo edo etorkizuneko estrategiak aztertuko ditugu. Hor sartzen da, halaber, sektore publikoaren berrikuntzari eta eraldaketari aurre egiteko garaian herrialde bakoitzak hartzen duen ikuspegia. Mapaketan, AAko estrategia nazionalak abiarazi dituzten edo abiarazteko asmoa duten 50 herrialde (Europar Batasuna barnean hartuta) identifikatu dira. 50 horietatik, 36 herrialdek sektore publikoko AArako estrategia berezituak dituzte (edo izateko asmoa dute), edo estrategia zabalagoa garatzera bideratutako ikuspegi integrala.

 

Inplikazioak eta orientabidea gobernuetarako

Gobernuei AA modu eraginkor eta etikoan arakatzen eta ikasten laguntzearren, eskuliburuan orientabidea ematen da, besteak beste, honako hauetarako: laguntza eta norabide zehatza eskaintzeko; malgutasunerako eta esperimentaziorako guneak sortzeko; arazo jakin baten aurrean AA aukera egokia ote den erabakitzeko; AA erabiltzeko ikuspegi fidagarri, bidezko eta arduratsua lortzeko.

 

Azkenik, kasu azterketak ez ezik, dagoeneko garatzen ari diren AAko ahalegin, proiektu eta bestelako ekimenen benetako adibideak ere aipatzen dira eskuliburuan.

AAri buruzko eskuliburua deskargatu eta irakur dezakezu hemen.