Proyectos Innovación Social //

CreActiva “Ekintzailetza eta gizarte berrikuntzarako estatuko sarea” proiektua abian da

Sinnergiak Social Innovation UPV/EHUk bazkide estrategiko moduan parte hartzen du CreActiva proiektuan: Proiektuaren liderra Jovesolides da, eta estatuan sare bat eratzea du helburu nagusitzat, hainbat erakunde sozial, enpresa, administrazio eta hezkuntza erakunderen ahaleginak sustatzea eta bateratzea, gizarte ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alde.

Proiektuak Europako Esparru Ekonomikoaren Finantza Mekanismoaren 2009-2014 Herritar Aktiboen Programaren laguntza finantzarioa dauka, eta Espainian Gizarte Ekintzako GKE-en Plataformak bideratzen du, IWith.org, Fundació Esplai eta IVAJ bazkide estrategikoekin.

CreActiva sareak ekintzailetzaren eta gizarte berrikuntzaren arloan berrituz hazi, hobetu eta beren lana partekatu nahi duten erakunde, enpresa, administrazio edo erakunde akademiko guztiak elkartuko ditu. CreActiva gazteen ekintzailetza sozialerako ekimenak bultzatuko ditu, praktika onen inguruko prestakuntza eta elkartrukearen bitartez, eta, administrazioen laguntzarekin, ekintzailetza eta gizarte berrikuntza agenda politikoan sartuko ditu, enplegagarritasuna eta gizartearen kohesioa hobetzeko estrategia moduan. Finean, sareak hainbat eragileren ahalmenak batu nahi ditu, mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen jarraitzeko.

CreActiva proiektuak 17 hilabete iraungo du, eta aldi berean garatuko da Bartzelonan (Iwith.org), Madrilen (Esplai Fundazioa), Bilbon (Sinnergiak) eta Valentzian (JOVESOLIDES eta IVAJ). Proposamen estrategiko honen xedea da gazteen artean enplegua, sormena eta partaidetza sozialeko alternatiba sozioekonomikoak sustatzea, hainbat ekintzaren bitartez, hala nola: Langabezian dauden gazteentzako ekintzailetza sozialeko laborategiak, Gizarte Berrikuntzako Laborategiak gizarte erakundeentzat, CreActivando gazte foroa, edo 2015eko ekainean Valentzian egingo den Gizarte Berrikuntzaren II. Foroa.

Programa hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da, eta horiek dira Europako Esparru Ekonomikoaren Finantza Mekanismoa (EEA Grants), Espainiako Gobernua (Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren bidez) eta Gizarte Ekintzako GKE-en Plataforma.

Jovesolides ekimenari buruzko informazio gehiago esteka honetan aurki daiteke.